Hona hemen egun XIX. MENDEKO albumean parte hartzen dutenak:
Ormaiztegiko (Gipuzkoa) Zumalakarregi Museoa, XIX. mendeko Euskal Herriaz jakiteko eta gozatzeko erreferentzia den zentroa. Frantziar Iraultzaren ondorioz euskal gizartean izandako aldaketen ikuspegi orokor bat eskaintzen du. Dokumentazio zentro bat dauka, honela osatuta: eskutitz sortak, material ikonografiko ugari, eta bibliografia funtsak, XIX. mendeko idazlan orokor, biografiko eta zientifikoei buruzkoak. Makina bat jarduera burutzen du: ikerketak, argitalpenak, erakusketak, lantegiak, gaikako ibilbideak eta programa birtualak.
Donostiako (Gipuzkoa) Koldo Mitxelena Kulturuneko Liburutegia herritarrentzako zerbitzu bat da, helburu hau duena: 16 urtetik gorako herritarrei informazioa eskuratzen erraztu, prestakuntzan lagundu eta haien aisialdia aberastea. Orotariko liburutegi bat da, giza zientzietara eta euskal kulturara bideratua. XX. mendean zehar gehitutako bilduma historiko garrantzitsuak ez ezik, honako hauek ere badauzka: hemeroteka bat (gaur eguneko aldizkariak eta egunkariak, nahiz antzinako argitalpen seriatuak), erreferentziako sail garrantzitsu bat (entziklopedia espezializatuak, datu baseak, hiztegiak), eta mailegu bidez dokumentu funts bat jartzen du Gipuzkoako herritar eta herri liburutegi guztien eskura, euskarri guztietan (liburuak, bideoak, DVDak, CDak), baita bere bilduma historikoak ere ikertzaileentzat.
Gipuzkoako Artxibo Orokorra Tolosan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko gobernu erakundeen artxibo historikoa da: Batzar Nagusiena eta Foru Aldundiarena.
XV. mendetik XX.era bitarteko dokumentuak gordetzen ditu: erakundeenak (Batzarrak eta Aldundiak, Korrejimendua, Tolosako notaritza barrutiko protokoloak, Karlistaldietakoak...) eta pribatuak (Mandasko Dukea, Gaztañaduy Etxea, Indalecio Ojanguren, Sigfrido Koch —argazkiak—...)
Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa Espainiako Hezkuntza Ministerioaren 1942ko uztailaren 10eko Errege Aginduaren bidez sortu zen, eta Oñatiko Unibertsitate zaharrean du egoitza. Ehun urte baino gehiagoko antzinatasuneko notaritza protokoloak biltzen ditu, baita Hipoteka Kontularitzetako dokumentu funtsak ere (1768-1862).
Donostiako (Gipuzkoa) Untzi Museoa, jendearentzat 1991n irekia, Euskal Herriko itsas ondarea berreskuratzen laguntzeko asmoz sortua da, itsas ondaretzat ulertuta itsasoarekin eta itsasketarekin zerikusia duen giza jarduerak emandako agerpen intelektual eta materialen multzoa.
Dokumentazio zentro bat dauka, itsasoaren gaian espezializatua, euskal arloari arreta berezia jartzen diona, eta hango funtsak kontsultatu nahi dituzten guztiek eskura dituzte haiek.